Edukira joan

James Dyson

Wikipedia, Entziklopedia askea
James Dyson

(2015)
Bizitza
JaiotzaCromer1947ko maiatzaren 2a (77 urte)
Herrialdea Erresuma Batua
Hezkuntza
HeziketaByam Shaw School of Art
Royal College of Art (en) Itzuli
Gresham's School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakasmatzailea, industrial designer (en) Itzuli, ekintzailea, nekazaria eta diseinatzailea
Jasotako sariak
KidetzaRoyal Society

jamesdysonfoundation.com
Youtube: UCCmpkX9j9RNtGiJSpicFAHQ Edit the value on Wikidata

Sir James Dyson (Dodington Park, Ingalaterra, 1947ko maiatzaren 2a) britaniar asmatzaile, industria-diseinatzaile eta Dyson enpresaren fundatzailea da. Poltsa gabe dabilen munduko lehenengo xurgagailua asmatzeagatik da ezaguna. Zikinkeria indar zentrifugoaren bitartez (zikloi baten antzera) banandu egiten du xurgagailu honek. Sir James Dyson 2013ko Sunday Times Rich List-aren arabera, 3 bilioi librako (£) ondasunaren jabea da.

Hasierako urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Dyson Cromerren, Norfolken, jaio zen. Umea zenean Greshameko eskolara joan zen lehen hezkuntza egitera. Bere aita minbiziz jota hil zen eta, 1956tik 1965era, Holteko (Norfolk) barnetegian jarraitu zuen ikasten. Lehenengo urte hauetan, distantzia luzeetako lasterketetan nabarmendu egin zen: “Nahiko ona nintzen lasterketa luze hauetan, ez egoera fisiko nabarmen bategatik, besteek baino determinazio handiagoa nuelako baizik. Etorkizunerako beharrezkoa izan dudan determinazioa, lasterketa horietan ikasi nuen”. Urte betez (1965-1966) Byam Shaw Arte Eskolan egon zen, eta 1966tik 1970era, ingeniaritza ikasten hasi aurretik, altzari-diseinua eta interiorismoa ikasi zuen Londreseko Royal College of Art-en.

Lehenengo asmakizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970ean, Royal College of Art-en zegoen bitartean, Itsasoko Kamioia (Sea Truck) diseinatzen lagundu zuen. Bere lehenengo jatorrizko asmakuntza Ballbarrow-a izan zen. Asmakizun hau eskorga normal bati aldaketa txiki bat ezartzean zetzan, gurpilaren ordez bola esferiko bat jarriz, alegia. Bola honen erabilerarekin jarraitu nahian, Trolleyball-a asmatu zuen, itsasontzi txikiak garraiatu ahal izateko. Ondoren, Wheelboat ibilgailua asmatu zuen, lurretik zein uretatik 64 kilometro orduko abiadura lortu ahal zuen ibilgailua, hain zuzen.

1970eko hamarkadan, bere etxean erabiltzen zuen xurgagailua matxuratu ostean, produktu hauetan teknologia berri bat ezartzeko beharra ikusi zuen, hau da, merkatuan potentzia galtzen ez zuen aspiragailu berri bat izateko beharra. Zikinkeria banatu ahal izateko, zikloi baten printzipioaz baliatzeko ideia bururatu zitzaion; horrela, lurreko hauts eta zikinkeria guztia indar zentrifugoaren bitartez banatu ahal izango zen.

Dyson lanean hasi zen, bere hasierako ideia benetako produktu baten bihurtzeko nahiarekin. Enpresek bere proposamenetan sinesten ez zuten arren, zor asko izan arren eta bere emaztearen soldata txikiaren bitartez bizi behar izan arren, Dysonek bere proiektuarekin setati jarraitu zuen aurrera. Bost urtez gogor lan egin ondoren eta 5 127 prototipo egin ondoren, azkenean, 1983an bere produktu finala lortu zuen: poltsa baten beharra ez zuen merkatuko lehenengo xurgagailua sortu zuen. “G-Force” izena jarri zion bere produktu berriari. Hala ere, Britania Handiko fabrikatzaile eta banatzaileek ez zuten bere produktua saldu nahi, eta Japonian ekin zion bere salmenta prozesuari, 2 000 dolarreko hasierako salneurriarekin. Dysonek zikloi teknologia berri hau patentatu egin zuen, eta 1991eko Diseinu Azoka Internazionaleko Saria lortu zuen Japonian.

Fabrikatzaile ezagunek bere produktua saldu nahi ez zutenez, Japonian lortutako diruarekin bere enpresa propioa sortu zuen. 1993ko ekainean, Dyson ikerketa-zentroa eta fabrika ireki zuen Malmesbury-n (Wiltshire, United Kingdom). Enpresaren lehenengo urteak nahiko gogorrak izan ziren, ez zituztelako salmenta ugari izan.

Hala ere, irekieratik hamar urte igaro zirenean, Dysonek izugarrizko salmentak lortu zituen Britania Handian, eta markarik ezagunena bihurtu zen bat-batean. 2005ean, Estatu Batuetako aspiragailu salmentetako lider bihurtu zen Dyson enpresa. Fabrikatzaile ospetsu askok Dysonen ideiak kopiatzen ahalegindu ziren, haren izena ezagunagoa eta boteretsuagoa eginez. Hoover enpresak xurgagailu berri bat merkaturatu zuen Dysonen teknologia erabiliz, eta lau milioi libra ordaintzera zigortu egin zuen Britania Handiko Auzitegi Gorenak.

Egoera honetan, beste aspiragailu berri baten diseinuan lan egiten hasi zen, geroago DC01 izena izango zuena. Xurgagailu berri honekin, produktuaren potentzia osoa denbora guztian berdin jarraitzea lortu zen. Hala, hemezortzi hilabetetan, DC01 produktua Erresuma Batuko salmenta gehieneko xurgagailua izatea lortu zen. Urteak aurrera joan ahala, Dyson enpresak produktu berritzaile asko komertzializatu ditu, eta xurgagailuen merkatuan gailurrera iritsi da, mundu osoan zehar 43 milioi aspiragailu salduz. Gaur egun, Dyson enpresak lau aspiragailu mota desberdin saltzen ditu: lera aspiragailuak, aspiragailu bertikalak, kable gabekoak eta eskuzko aspiragailuak, denak berak patentatutako teknologiaz funtzionatzen dutelarik.

Beste asmakizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dysonek ez du soilik jardun aspiragailuak diseinatzen, beste hainbat eremutan lan egin du baita. Hona hemen hainbat adibide: 2000. urtean, Dysonek ContraRotator garbigailua merkaturatu zuen. Produktu honen ez zuen arrakasta handirik izan eta gaur egun ez dago salgai.

2006. urtean, Dyson Airblade esku-lehortzailea merkaturatu zuen. Produktu hau abiadura oso azkarrez irtetzen den haize xafla batekin dabil, betiko aire beroa erabili beharrean, horrela, ur-tantak eskuetatik bultzatu egiten dira, hauek lurrundu beharrean. Teknologia berri honekin energia gutxiago kontsumitzen da, eta eskuak arinago lehortu daitezke. Dysonek teknologia hau patentatu egin zuen.

2009. urtean, Dysonek Air Multiplier haizagailua merkaturatu zuen. Produktu hau iraultzailea izan zen berriro ere. Haizagailu normalek edukitzen dituzten hegalak begi-bistatik kendu zituen eta, gainera, berogailu bezala erabili daiteke, elektrizitatearen bitartez airea berotuz.

2016ko apirilean, Supersonic ile-lehorgailua merkaturatu du. Honek, normalean baino motor txikiagoa dauka eta produktuaren kirtenean dago kokatuta, produktuaren oreka hobetzeko. Asmakizun guzti hauek, Dyson enpresan lanean dauden 4 400 ingeniariei esker eta Dysonek I+G+b esparruan egindako apustu handiaren emaitza da (astero ia 2 milioi euro inbertitzen ditu esparru honetan).

James Dyson Award

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002. urtean James Dyson Fundation sortu zuten eta honekin batera, lehiaketa bat egitea proposatu zuten. Hamazortzi herrialde desberdinetako ingeniari eta diseinatzaile ikasleek hartzen dute parte lehiaketan, eta helburu nagusia egunerokotasuneko arazo bati aurre egiten dion produktu bat diseinatzea da. Lehiaketa honen saria 50 000 eurokoa da, ikasten dabilen diseinatzailearen produktua aurrera ateratzeko.

Dysonen arabera, hasieratik ideia bat garatzea oso zaila da. Izan ere, akatsetatik asko ikasten da eta beraz, edozein diseinuaz porrot egiteari ez zaio beldurrik izan behar. Bakoitzaren ideiak babestu eta haiengatik apustu egin behar dela uste du Dysonek, eta diseinatzaile gazteei aukera bat emateko sortu zuen lehiaketa hau. Bere burua jartzen du adibide gisa, bere lehen xurgagailua guztiz ondo atera arte hamabost urte pasatu, eta 5127 prototipo egin behar izan zituelako.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Dyson profile at Forbes.com